sábado, 13 de marzo de 2010

5.KRONIKA IRUÑEA!!!!!

Martxoak 13, Iruñako kronika
Iritsiera, Manifestazioa eta amaiera ekitaldia

Iritsi da Euskal Herriko Emakumeen Martxa bere azken geltokira, Iruñera. Nekea aurpegian baina alaitasuna begietan, honela ekin diogu azken txanparen ibilbideari. Leitzatik abiatu eta Iruñera bidean sartzen garela aste honetan bizi izan dugunaren bizipenak oroituz indarrak biltzen goaz.
Bost egunetan zehar, 5 lurraldeetako (Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdi) 28 herri eta hirietatik pasa da martxa. 870 klimetrotik gorako bidea izan da, emakumeen elkartasun, ongi-etorri, agur eta testigantzaz urratsez urrats ehundutako bidea.

Milaka emakumez osaturiko uholde moreaz Euskal Herria zeharkatu dugu; herri, auzo eta kaleak, txoko guztiak feminismoz busti eta gureak eginez.
Bost egun izan dira emakumeon errealitatea azaleratzeko; indarkeria sexista eta prekarietatearen aurka gure salaketak eta ohiuak ozen entzunarazteko, eskubide sexualen eta elikadura burujabetzaren inguruan nahi ditugun erabakiak hartzeko eskubidea izan dezagun aldarrikatzeko.

Egitarau oparoa daukagu aurretik, Gaztelu Plazan dagoeneko goizetik egitarau zabalarekin hasiera eman diote egunari: erakusketa, stand-ak, herri kirolak eta haurrentzako txokoa, musika...
12:30ak pasa iritsi da Martxako Furgoneta Plazara. Urduritasun eta zirrara handia sortu digu Martxaren azkena iristen ari dela pentsatzeak.

Manifestaldiari ekin diogu Iruñeko kaletatik, San Inazio Elizaren aurrean gure aldarrikapenak ohiukatzeko geldialdia egin dugu.
“Betidanik erlijio handiak eta batez ere erlijio katolikoa emakumeon gorputza eta bizitza arautzeko obsesionatuak egon dira, gure sexualitatea amatasunera mugatuz. Abortua eta antisorgailuen erabilera; ezkontza heterosexualetik kanpo dagoen edozein harreman kondenatuz.
Ama edota emazte erroletatik desbideratu garenean, gu estereotipatu, santifikatu edo satanizatuak izan gara. Gure eskubide oinarrizkoenak ukatu zaizkigu.”

Hurrengo geldialdia INAIn egin dugu. Bertan, Instituzioek indarkeria sexistaren aurrean duten jarrera eta eragiten duten konplizitatea salatu dugu. “ Botere publikoek, eta hauek bultzatzen dituzten indarkeriaren kontarako lege eta neurriak ez daude arazoa errotik aldatzeko bideratuta. Ez dute genero sistema, hau da, patriarkatua benetan eraldatzeko neurririk planteatzen.”

Hirugarren geldialdia parlamentuan egin dugu. Hona hemen bertan adierazitakoa: “Emakume nekazariak funtsezko papera betetzen dugu elikadura eta nekazal pordukzioan. Baina gero, gure partehartzea eta lana ez da aitortzen. Ez da lan honen errekonozimendu eta errespeturik ematen. Gainera, baserriko lanez gain, etxeko lanen eta bertakoen ongizatearen ardura gure gain jausten da gehienetan.
Emakumeok erabaki eta parte hartzen dugun, elikaduraren ekoizpen, banaketa, eta kontsumo eredu iraunkorra eta bidezkoa aldarrikatzen dugu, herrien eta pertsonen bizitzak bermatuko duena.”

Gaztelu Plazara iritsi aurretik gure azken geldialdia Bakuen aurrean izan da. “ Egiturazko krisi honen aurrean hartzen ari diren neurriek ez dituzte gure beharrak asetzen eta prekarietaan sakondu besterik ez dute egiten. Emakumeok, betidanik krisian bizi izan garenok, ondo dakigu eredu honek ez duela jendartearentzako onura bilatzen. Gutxi batzuen poltsikoak betetzeko planek herriak eta emakumeak itotzen jarraitzen dute”.

Manifestazioaren amaieran Mundu Martxaren aldarriak eta herrietan bizi izan dugunaren testigantza konpartitzeko momentua heldu da, ekitaldia astera doa.
Ez dakigu etorkizunean zenbat arrazoi izango ditugun, baina emakumeok beti izango dugu hauei aurre egin, antolatu eta borrokatzeko grina eta ahalmena.
Ezezkoan gure borrokak oinarritzera ohituta oraingoan ikuspegi bakirrago bat eman nahi izan diogu ekitaldiari. “erresintentzia eta aitodefentsa kolektiboari bai”, “sexualitate askeari bai”, “lan duinari bai”, “ekoizpen txikiko nekazal ereduei bai”...
Guztiz beharrezkoa dugu bost egun hauetan erakutsi dugun errebeldia bestelako mundu bat eraikitzeko.

Ehunka dira egun hauetan zehar testigantza liburua laztandu duten emakumezkoak. Asko dugulako aldarrikatu eta esateko bai Euskal Herrian eta baita munduan ere.
Manifestazioa eta ekitaldia amaitu ondoren emakume guztiontzako bazkaria izango da Jito Alain, 350 emakume bete dugu pilotalekua…
Baina festa ez da bazkariarekin bukatuko. Sabelak bete bezain pronto, emakumez osatutako kartel bikaina izango da kontzertuan: Mikaela Piton bakarlaria, La Omega rap abeslaria eta Las Valium izan ditugu gurekin giroa alaitzeko.
2010, 2011, 2012 arrazoi izaten jarraituko dugu, Emakumeok arrazoiak soberan ditugu kalera irteteko. Egin gaitezen gure errealitatearen jabe. Aldatu dezagun Euskal Herria, aldatu dezagun mundua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Buscar este blog

Seguidores