lunes, 1 de marzo de 2010

EUSKAL HERRIA MOREZ MARGOTZERA GOAZ! Otsailak 27 prentsaurrekoa


Bost urte igaro dira dagoeneko azken Mundu Martxako erreleboa Euskal Herritik pasa zenetik. 2005ean herri gisa mundu mailan antolatutako ekimen ugaritan parte hartzeaz gain, Europako ekimenak eta errelebo martxa ere izan genituen Euskal Herrian bertan. Herrialde ugaritako 4000 emakume taldetik gorak hartu genuen parte orduko hartan.


2010eko Emakumeen Mundu Martxak, berriz, ez du atzera gelditzeko asmorik. Azkeneko martxan munduko emakume guztiak urtean zehar mobilizatu baginen; oraingoan guztiak batera mobilizatuko gara martxoak 8tik martxoak 18ra Lurraren luze zabal osoan.


Lau ildo edo aldarrikapenen inguruan zentratuko gara aurtengo honetan:


1. Emakumeon aurkako indarkeria gure jendartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da.

Aurten dagoeneko hiru dira botere harremanak oinarri hartuta Euskal Herrian erailak izan diren emakumeak. Kontaezinak dira bortxaketak, sexu erasoak, jazarpena... pairatu dituztenak.

2. Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak ez daude bermatuta. Emakumeon sexualitatea, genero aginduek mugatzen jarraitzen dute.

Oso present dugu Abortu Legeak ez duela oinarrizko aldaketarik suposatuko gure bizietan Kode Penalean jarraitzen duen bitartean. Abortua librea eta doakoa da historikoki feministek aldarrikatu duguna eta aldarrikapen berdinarekin jarraitzen dugu.Sexualitatea era askean eta heteronormatik at bizitzeko eskubide osoa dugu.

3. Prekarietateak oraindik ere emakume aurpegia du. Egun sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den eredu ekonomiko neoliberal eta patriarkala dugu.

Krisi famatua ofizialki deklaratu aurretik ere emakumeok bagenekien krisian egotea zer den. Egungo ereduak eremu pribatuan emakumeok dohainik egiten dugun lana du oinarri. Horregatik, guztiz beharrezkoa dugu eredu hau zalantzan jarri eta guztiontzako justuagoa izango den berri bat pentsatu eta gauzatzea.

4. Elikadura burujabetza, herriek beren nekazaritza eta elikadura politiken gainean erabakitzeko duten eskubidea da.

Naturaren, guztiona den lurraren pribatizazioa eta beronen erabilera desproportzionatuak erabakitzeko ahalmena urratu eta eredu arrotzetara bultzatzen gaitu. Arduraz jokatu eta gure kulturaren oinarria den baserria era egokian kudeatzeko askatasuna eta baliabideak ezinbestekoak ditugu hauen garapena etorkizunerantz bideratzeko.


Aldarrikapenok Euskal Herri osotik zabaldu nahi ditugu errelebo martxaren bitartez. Testigantza liburua ezkututzat hartuta euskal emakumeen hitza bildu nahi dugu munduan entzuna izan dadin.Martxa, martxoaren 8an Iruñean hasi eta bertan bukatuko da martxoaren 13an. Zatiketa administratiboez gaindi zazpi lurraldeetatik egingo den biran herri eta hiri ugaritatik pasako gara 5 egunetan zehar.

Testigantza liburua eskuz esku pasatzeaz gain, errelebo guztietan mural bat marraztuko da gure lekukotasuna herrietan uzteko. Mural horiek eta erreleboa pasako ez den herrietan egingo direnak bilduko ditugu Iruñean bertan.Mural hauen azken geltokia zapi bat izango da, Euskal Herriko “Ibiltaria” egiteko erabiliko den telaren oinarri izango dira. Ibiltariak urriko elkargunean aurkituko diren herrialde guztietako emakume erraldoiak dira.Iruñeko amaiera, berriz, manifestazioa eta festarekin hornituko dugu, euskal emakumeon jaia. Egun osoko egitaraua osatuko dugu bertan bazkaria eta kontzertuak barne.


Azkenik, aurten izango ditugun elkargune internazionalak bi izango dira. Batetik, ekainak 30ean Europako emakumeen elkargunea izango dugu Istambulen. Bertan beste herrialdeekin eta beraien planteamenduekin gureak elkartrukatzeko aukera izango dugu.Bestetik, aurtengo urrian izango den Mundu Martxaren amaiera elkargunean izango gara Sud Kiwun (Kongo). Bertara eramango ditugu bai testigantza liburua baita ibiltaria ere munduko beste testigantza liburu eta ibiltariekin bilduta geldi daitezen. Munduko emakumeen borrokaren aitortza eta bat egitea irudikatuko ditugu bertan.


Anitzak izango dira bost egunetan zehar Euskal Herri osoan izango diren ekimen, erakusketa, zine proiekzio, elkargune, mahai-inguru eta momentu alaiak bizitzeko espazioak. Kolektiboki, gure egoerari beste era batera aurre egiteko parada bikaina izango da. Emakume oro gonbidatu nahi dugu ekimen hauetan parte har dezan, denon testigantza oso garrantzitsua baita euskal emakumeon, munduko emakumeon aldarrikapen eta beharrak azaleratzeko.

Denon artean margotu dezagun morez Euskal Herria!!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Buscar este blog

Seguidores